XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Emakumearen arazoa Kode Penalaren aldetik aztertzeko, konplexuak bezain murriztaileak diren indar batzuk aztertzetik hasi beharra dago.

Lehenik eta behin etxeko kontrolarekin topo egiten dugu, neska gazteek izaten dituzten hezkuntza ezberdina eta kontrola, haien mugikortasuna mugatzen duten faktoreak dira. Neskak etxeratzeko ordutegia mutilena ez bezalakoa izatea, neska norekin eta nora doan azaldu beharrean aurkitzea, haren sexualitateak gurasoengan kezka gehiago sortaraztea, e.a., hori guztia guraso askoren kontrol zorrotzagoaren justifikagarria da.

Bestalde, emakume helduari ere gertatzen ahal zaio burujabetasun ekonomikorik gabe aurkitzea, hainbat arlotan senarraren kontrolpean egotea etxeko esparruan, diru kontuetan zikoizkeria, etxetik irtetzeko eta sartzeko debekuak, denbora librearen kontrola eta azken buruan tratu txarrak eta jipoiak. Etxeko bortizkeria ez da halako edo bestelako famili edo estratu sozialaren ezaugarria.

Arazo honen arrazoia gizonaren edo emakumearen trastornoetan bilatu izan ohi da, gizonaren estresaren nahiz alkoholaren ondoriozko bortizkeria emazteak jasaten du, ez halako edo holako ezagun batek, edo adiskide, familiar edo laneko nagusiak. Ordena sozialak baimena ematen du edo errazten bederen, arlo publikotik pribatura desbideratzeko frustrazioak sortarazitako agresibitatea. Honetaz bada pentsatzen duenik horrek jende frustratua sistema sozialaren ordena eta funtzionamendua asaldatzen ez duen esparrura bideratzen duela. Baina ez da kontrol sozialerako faktore bat huts-hutsik.

Azterlan feministek betidanik egon dira fenomeno horien oinarrian ezaugarri pertsonalak bakarrik ikustearen aurka eta, aitzitik, haien arrazoia emakumearen menpekotasuneko egoeran ikusten dute, horrexek egiten baitu emakumea agresibitatearen eta tratu txarren helburu.

Menpekotasuneko egoerara eramaten du baliabide ekonomikorik ez izateak, baina horrekin batera dago halako ideologia bat, gizonezkoen nagusitasuna goraipatzen duena. Gizonezkoen nagusitasunaren ideologia bultzatzen du pentsatzeak gizona bera dela lan egiten duen bakarra (emakumezkoa etxeko zereginetan), gizonaren lana dela inportantzia duena (lan ordaindua izatea), eta gizonezkoa dela kanpoko munduarekiko harremanak izateko gai (emakumea, ordea, beti da halakoaren emaztea), e.a.

Gizonezkoak ematen duen segurtasun ekonomikoaren ordainetan emaztea prest egon behar du kontratuan tokatzen zaion zatia betetzeko, Smart-en hitzetan esateko, zainketa eta sexua. Itxaropide horiek zapuzten direnean sortzen dira batzuetan bortizkeriazko leherketak.